Adostuz 2012tik aurrera borondatez erretiratu garen EAEko irakasle jubilatuok sortutako elkartea da.

1.000 irakasle baino gehiago elkartu gara Lan-baldintzen Akordioan ezarritako  borondatezko erretiroagatiko kalte-ordaina ordain diezaguten. (185/2010 dekretuko 68. artikulua, EHAAn 2010ko uztailaren 16an argitaratua).

Lan-baldintzak arautzen dituen aipatutako akordioak oraindik dirau, baina Euskadiko Diru-aurrekontuen legeak “eten” egin du.  

2010 eta 2011n borondatez erretiratu zirenek “Lan-hitzarmenak” araututako kalte-ordaina jaso zuten. 2012. urteaz geroztik ez dugu kobratu “krisi ekonomikoa” dela eta urtero EAEko diru-aurrekontuen legearen  19.11 artikuluan “kalte-ordainak etenda” geratu dira (EZ EZABATURIK).

2012ko abenduko saria “etenda” geratu zen eta geroago EJk epeka ordaindu digu, azaroaren nominan azken epea ordainduko digularik.

2012an erretiratu ziren irakasleak askotan bildu ziren alderdi politikoekin eta sindikatuekin. “Auzi-prozesua” abian jarri zuten ere, baina ez zuten kalte-ordaina kobratzea lortu.

2017ko otsailean Administrazioarekiko Auzien 6 zk.ko Epaitegiak 2013an borondatez erretiratu ziren irakasleen aldeko ebazpena argitaratu zuen. Harrez gero 2013ko eta geroagoko 500 jubilatuk baino gehiagok helegitea aurkeztu zuten, jubilazioaren kalte-ordaina eskatuz.

Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztu zuen aipatutako sententziaren aurka eta EAEko Auzitegi Nagusia Administrazioarekiko Salak bertan behera utzi zuen, baina Auzitegi Gorenera jotzeko eskubidea emanez.

Bide juridikoaz aparte, 2012tik elkartu ginen, krisiaren erruz galdu genuen eros-ahalmenaren errekuperazioa errebindikatzeko eta administrazioarekin negoziatzeko borondatezko erretiroaren kalte-ordainaren suspentsioa indargabetu dezan eta epeka ordain diezagula atzera eraginez.

2017ko lehen hiru hilabetean sindikatu zein legebiltzar-talde guztiekin eta Arartekoarekin, elkartu ginen arazoaren berri emateko eta laguntza eskatzeko.

Urrian berriro ekin diogu biltzeari EAEko 2018.ko Diru-aurrekontuen tramitazioan gure errebindikazioak aintzat har ditzaten. Hartarako, legebiltzar-taldeekin hitz egin dugu eta bai sindikatuekin, bai Funtzio Publikoaren Sailburuordetzarekin hitz egingo dugu laster. Horrez gain, eskatu dugu gure konparetzentzia Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean.

  • “Kalte ordainen etena bertan behera gera dadila” eta ezar dezaten urteanitzeko plana atzera eraginez ordaintzeko, kobratzeko eskubideak dirau eta.
  • Negoziatzeko krisi garaian galdu genuen eros-ahalmena konpentsatzeko Funtzio Publikoak hartuko dituen neurriak krisi garaian erretiratu garen guztioi ezar diezazkigutela.